Urduñako Mendi Lasterketa sentimenduen jai bilakatua

Goizeko 6:00rak, iluntasuna eta isiltasuna, besterik ez hirian, baina urteko egunik berezienari hasiera eman genion ordua. Boluntario taldea alde batetik bestera Foru Plaza atontzen. Dena prest izateko zuek iristen zinetenerako. 

Zortzirak, meneoa hasi zen Urduñan. Lehenengo korrikalariak, alde zaharrean barrena dortsalen bila. Guk ordea, gurera, azkenengo detailetxoak bukatuz. Eguna argituz joan zen eta hara non agertuko zitzaigun lainopila. Eguzkia bai, baina hotza. 

Apurka apurka ordua heldu zen; 9:25 Erauntsi Dantza Taldeko neskatila zuen guztien aurrean agurra dantzatuz. Urduritasuna zen nabarmen, bai gure bihotzetan, baita zuenetan ere. Azaleko hileak puntan agurraren azkenengo notak entzuterakoan, eta segubndu gutxiren ostean… eztanda egin zuen dena! Zuek denak Gorobel Mendilerroarren aurrean, zuen bideari hasiera emanez. Guk, ordea, Foru Plazan zain, helmuga gurutzatzen duzuen momentu hori, zuekin bizitzeko irrikitan. 

Ordu erdi besterik ez eta berriz ere irteerako arkua jendez lepo. Irrifarreak nonahi, baina beldur aurpegiak ere nagusi. 3,2,1 eta denak korrika bizian mendiruntz abiatu zineten. 

Ordu bete soilik igaro zen, gure urduritasunak jarraitzen zuen, mendian gerartu zitekeenaren zain eta bat-batean Burgos kalearen bukaeran lehenengo korrikalari bat ikusi genuen. Hau bai zelako zirrara! Ander Lopez Isla izan zen 14km-ak azkarren egin zituen korrikalariak 1:00:53 denbora eginez. Bere atzetik eta minutu batera agertu zen Ibai Perez, gure aurreko urteko txapelduna eta beste minututxu bat pasatutakoan gure 3.sailkatua, Ibai Cebrian. 

Mometu horretatik aurrera, arratsaldeko 16:00rak arte Urduñako Plaza pozez, negarrez, minez, zoriontasunaz… bete zenuten.  Sentimenduen jai erraldoiren parte ginen danok. Denetarik egon zen, baina irrifarreak eta karranpak izan ziren nagusi.

Ainhoa Caporossi izan zen lasterketa herrikoieko lehenengo emakumea 1:15:59 denbora eginez. Nerea Costa, aldiz, 2. eta Maria Risco 3.

Baina gure urduritasuna oraindik pil-pilean genuen, lasterketa luzekoek noiz etorriko zirenaren zain… eta bai, ez zen denbora askorik pasa eta hurrunean agertu zen Imanol Goñi poz-pozik. Bere atzetik, hainbat eta hainbat korrikalari Ainara Urrutia heldu arte, gure lehenengo emakumezkoa. 

Froga irabazteaz gain, biek lortu zuten lasterketaren errekorra haustea; Ainarak 3:24:04 denbora egin zuen eta Imanolek aldiz, 2:46:16.  

Ez hori bakarrik, haiekin batera podiuma egin zuten korrikalariek ere, errekorra egitea lortu zuten. Emakumezkoetan, Irati Ortiz de Anada eta Ohiana  Zubillaga geratu ziren 2. eta 3. hurrenez hurren. Gizonezkoetan, ordea, Asier Larruzea eta Hodei Samaniego izan ziren podiuma osatu zutenek. 

Ezin erreleboak ahaztu, Zorion eta Oier Karega anaiek, aurten bai, irabaztea lortu zutelako. 

Halaxe pasa genuen Igandeko goiza Urduñan, korrikalari guztien zain helmugako arku azpian. Zuetako bakoitzari ahal izan genituen animo guztiak emanez, merezi zenituztelako eta denak izan zinetelako irabazle helmuga gurutzatzeagatik. 

Eskerrik asko gurekin batera sentimenduen jaia hain berezi egiteagatik, hurrengo urtean elkar ikusiko dugulakoan,

Urduñako Mendi Lasterketaren antolatzaileak. 

Scroll al inicio